Ezkaba, Oihana eta Urbizkain mendiek paisaia erreferente moduan duten balioa aitortuko du Eskualde Parkeak, kontuan hartuta berrantolatzean biodibertsitaterako eremua dela, birika berdea pertsona askorentzat, herri eta hirietako kale ugaritako atze oihal agerikoa, eta herritarren zerbitzura dagoen aisia eta josteta tokia.
EZKABAKO ESKUALDE PARKEAREN PLANA BERRABIATU ETA HOBETU EGIN DA.
Plangintzari modu integralean heltzeko aukera emango duen dokumentu bat egitea da helburua, Iruñeko metropoli eremuko natura eta paisaia intereseko gune hauek kontserbatzeko interesa batuta. Planak tresna hurbila izan nahi du, eta, hori dela-eta, lehentasuna eman nahi dio Ezkaba, Oihana eta Urbizkain mendien balioak herritarrengandik gertu jartzeari, mendi horiek era ordenatuan erabiltzea eta gozatzea erraztuta.
2016ko urtarrilaren 21ean, bilera bat egin zuten Iruñerriko Mankomunitateak eta Ezkaba mendiaren eremuko toki erakundeek, eskualdeko parke moduan antolatu eta egokitzeko beharrezkoa den proiektuaren ekimena abiarazteko helburuarekin. Bilera horretan, adostu zen hitzarmen bat egitea elkarrekin, aipatutako alderdien artean, plana idazteko.
Bilera hori erakundeen nahia eta borondatea aintzat hartuta sortu zen, baina baita herritarren eskaerak kontuan hartuta ere. Zenbait talde eta ekimenen bidez, esate baterako, SOS Ezkaba, eta bai Arartekoaren bidez ere, herritarrek eskatu izan dute eremu honetan esku hartzeko, presazkoa baita herritarrentzat hain adierazgarria den eta egun hain utzita dagoen esparru hau lehengoratzea.
Baliabideak optimizatze aldera, ezarri zen oinarri moduan hartuko zela, hartatik abiatuta lan egiteko, Ezkabako Proiektuaz zegoen dokumentua, bere garaian Mankomunitateak udalei igorri ziena (Ezkabako Eskualde Parkearen Udalez Gaindiko Plan Sektoriala. 2011ko iraila). Egun, dokumentu hori berrikusi eta eguneratzen ari da, azken bost urte hauetan izan diren aldaketak kontuan hartuta, eta, era berean, hitzarmen berria izenpetu duten erakundeek egin dituzten oharrak eta ñabardurak aintzat hartuta. Halaber, eremua handitu egin da; izan ere, 2016an egoki jo baita eskualdeko parkearen barnean, Ezkaba mendia ez ezik, Oihana eta Urbizkain mendiak ere sartzea, modu naturalean mendikate honetako multzo geomorfologikoa osatzen baitute eta lurralde intereseko gune eta elementu batzuek bat egiteko bidea ematen baitute (Frantziatik eta Baztandik datozen Done Jakue Bideak, Iruñerriko Ibai Parkea, Plazaolaren Natur Bidea eta Iratiren Natur Bidea).
Behera kargatu ahal diren dokumentuak: