San Cristóbal - Ezkaba Eskualdeko Parkea

Ezkaba mendiak bidexken eta ibilbideen seinaleak estreinatu ditu

2017/06/21

Gaur goizean, Ezkaba mendiko bidexken eta ibilbideen seinale horizontal eta bertikal berriak aurkeztu dira. Aurkezpen ekitaldia Berriozarko Natura Gelan egin da, eta bertan izan dira Mankomunitateko lehendakaria, Aritz Ayesa, eta Ezkabako Eskualde Parkeak izango duen esparruko udalerrietako alkateak eta ordezkariak. Era berean, ekitaldian parte hartzera gonbidatuta zeuden Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioa,  Mendiko Txirrindularien Nazioarteko Elkartea (IMBA), Anaitasuna elkartea eta SOS Ezkaba.

Mendia seinaleztatzeko proiektuak bi ibilbide mota hartu ditu kontuan: mendiko bidexkak eta mendiko bizikletarekin (BTT) egiteko ibilbideak.  

Mendiko bidexkak seinaleztatzeak “Iruñerriko Itzulia” 220. zenbakiko ibilbide luzearen (GR) 45 kilometro hartu ditu. Herriekiko loturen inguruan egituratu da, 15 adarrekin, eta 225. zenbakiko ibilbide luzearekin bat egin du, “1938ko Ezkabako ibilbidea” izeneko bidexkarekin. Urte horretan kartzelatik ihes egin eta Frantziarako mugara iristea lortu zuten hiru presoek egingo zuten ibilbidea jasotzen du, hain zuzen ere. Horrez gain, mazela erdian Ezkaba mendia inguratzen duen bidexka lehengoratu da: 172. zenbakiko herri bidexka (SL), Ezkabako zirkularra.

Nabarmendu behar da Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak zuzenduta eta gainbegiratuta egin dela proiektua, eta 10 boluntariok parte hartu dutela bidexkak markatzen. 

Beste alde batetik, mendiko bizikletetarako ibilbideak seinaleztatzeakguztira 96 kilometro hartu ditu, zazpi ibilbide desberdinetan. IMBA elkarteak zuzendu eta gainbegiratu du proiektua, eta bertan 25 boluntariok parte hartu dute, IMBA eta beste txirrindulari talde batzuetako partaideak. Proiektuaren barnean sartu da IMBAren araudi orokorra bizikletaren erabilerarako. Herri bakoitzera sartzeko seinaleek QR kode bat hartzen dute barnean, bizikletaz egiteko ibilbideak kontsultatu ahal izateko lotura batekin. Horrez gain, ibilbide guztiak Wikiloc webgunean kontsultatu ahal dira.

Seinaleztatzeko proiektua gauzatzearen kostu osoa 24.932 eurokoa izan da (gehi BEZa). Kopuru hori etorkizuneko eskualde parkea bultzatzen ari diren udalek finantzatuko dute.

PARKEAREN UPSA, NAFARROAKO GOBERNUARI EMANA

Halaber, aurkezpen ekitaldian jakinarazi da Ezkabako Eskualde Parkea izango denaren proiektua eman zaiola jada Nafarroako Gobernuari, izapidetu dezan. Gogora ekarri behar da 2015eko azaroan egin zutela lehen bilera Mankomunitateak eta Ezkaba mendiaren titulartasuna partekatzen duten udal eta kontzejuek, eremu hori berrantolatzea eta inguru horretan eskualde parkea sortzea aztertzeko. 

2016an, herritarrek parte hartzeko prozesua egin zen, eta haren bidez herritarren balioespenak eta proposamenak jaso ziren. Aldi berean, Ezkabako Eskualde Parkearen Planaren dokumentua idatzi zen, paraleloan barnean hartuta parte hartzeko prozesuko ekarpenak. Gero, esparruko udal eta kontzejuetako osoko bilkuretan onartu zuten dokumentu hori, Nafarroako Gobernura bidali aurretik hark izapidetzeko.

Argazkian, ezkerretik eskuinera, Javier Camarero (IMBA elkartearen Nafarroako ordezkaria), Jesús Úriz (Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioa), Aritz Ayesa (Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria) eta Raúl Maiza (Berriozarko alkatea).

Anexo 1; Ezaugarriak

Anexo 2; Mendiko bidexken sarea eta BTT egiteko ibilbideen sarea

Ezkaba mendiak bidexken eta ibilbideen seinaleak estreinatu ditu

Zerrendara itzuli

Nabarmenduak