San Cristóbal - Ezkaba Eskualdeko Parkea

Amaitu dute Ezkabako Eskualde Parkea sortzeko plana idazten

2017/03/10

2017ko martxoaren 10a – Atzo Mankomunitatearen egoitzan egin zen bilera batean, Ezkabako Eskualde Parkea sortzeko azken dokumentua banatu zitzaien eremuko udalei eta kontzejuei. Sortuko den parkeak 10 kilometro koadroko eremua izango du, eta Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Ezkabarte, Uharte, Iruñea eta Atarrabia udalerriek eta Aitzoain, Artika, Arre, Azotz, Berriogoiti, Zildotz, Orikain, Orrio eta Untzu kontzejuek eratuko dute.

Iruñerriko Mankomunitateak koordinatu eta zuzendu du dokumentua, eta, herritarren parte-hartze prozesu zabal baten ondoren, tokiko erakundeen parte-hartzearekin egin da. Nafarroako Gobernuan izapideak bideratu aurretik, aipatutako udalerri eta kontzeju horiek onartu egin beharko dute.  

Gogora ekarri behar da joan den abenduan amaitu zela herritarrek parte hartzeko prozesua, Ezkabako Parkearen proiektuari lotutakoa, natura eremu hori berrantolatu eta eskualdeko parke bihurtzea helburu duena. 2016ko azken hiru hilabeteetan gauzatu zuten prozesu hori, eta, hartara, parkearen lurraldea antolatzeko eta kontserbazioa bermatzeko orduan, ekarpenak eta ideiak biltzeko elkarlanean aritzeko tresna bat izan da.  

Prozesu honek 2010ean eta 2011n egindakoa osatu du, eta barnean hartu du zenbait herritan zazpi aurkezpen egitea jendaurrean, tailer bat egitea, diagnostikoa egiteko eta jarduteko ildoak aurkezteko –tokiko erakundeak eta taldeak izan ziren horretan–, eta beste tailer bat egitea, jarduteko ildoak eztabaidatu eta onartzeko. Tresna global moduan, on line parte hartzeko plataforma batekin lan egin da, eta hartan herritarren balioespenak eta proposamenak jaso dira. Prozesua amaitzeko, itxiera edo bukaera saio bat egin zuten Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzan. Prozesuarekin eta jardueren programarekin lotutako informazio guztia www.participa-sce.com webgunean kontsultatu daiteke.

JASOTAKO PROPOSAMENAK: PARKE EREDUA ETA ERABILERAK

Jasotako proposamen gehienek esku-hartze handirik egin gabeko parke eredu baten alde egiten dute, mendien izaera naturala zaindu eta hobetuta, bertako basoak eta bazkalekuen eremuak dituen esparru misto bat bultzatuta, kultura ondarea zaharberrituta eta zainduta duena. Beste alde batetik, oso askotarikoak diren erabilerak proposatu dira parkerako, besteak beste, ohiko erabiltzaileen taldeek proposatutakoak, kirol izaerakoak, eta parketik gertu bizi diren herritarrek egindakoak, paseoei lotuagoa dagoen aisia aktiboa sustatzeko. Horretarako, bide egokiak eta seguruak nahi dituzte.

Errepikatzen den gai bat Gotorlekuak izan ditzakeen erabilerena da. Proposamen guztiak bildu dira, aintzat hartzeko (ondare arkitektonikoa, aberastasun naturalistikoa eta memoria historikoa), baina, plan honen bidez, ez da inolako proiektu jakinik garatu, Kultura Intereseko Ondasun izendatutako multzo arkitektonikoa baita, Plan Berezia eskatzen duena. Plana sustatzen ari den taldeak ulertzen du kontu honek berariazko parte-hartze prozesua eskatzen duela, prozesu luzeagoa. 

PRESAKO NEURRIAK, PARKEAN

Adierazi behar da, proiektua egitearekin batera, 2016an eta 2017an presako neurri batzuk gauzatu direla Ezkaba mendian, mantentzen laguntzeko eta garbitzeko. Hartara, 2016an, mendi bide batzuk itxi ziren, kartelak eta zakarrontziak kokatu ziren, eta, azkenik, mantentze-lanetarako talde bat kontratatu zen, astero mendia garbitzeko.

2017 honetan mantentze-lan horiek eta garbiketek jarraipena dute. Horrez gain, bideen proiektu bat egin da –Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioarekin eta IMBA (Nafarroako Txirrindularitza Federazioa eta Iruñeko Eskualdeko bizikletako klubetako ordezkaritzan)–. Hain zuzen ere, federazio horrek prestakuntza emandako boluntarioek eta helburu horretarako kontratatutako enpresa batek kokatuko dituzte seinaleak. Bideen sare hori ekainean egingo den boluntariotza jardunaldi batean inauguratuko da.

Azaldutako neurri horiek gauzatzeko gastuak eremuko udalerriek sortutako funts komun baten bidez finantzatzen ari dira.

Amaitu dute Ezkabako Eskualde Parkea sortzeko plana idazten

Zerrendara itzuli

Nabarmenduak